MENU
PRESENTACION-ARTXANDA

Bilboko Udalak saskibaloi profesionalerako gune bihurtuko du Artxandako Kiroldegiko Pabiloia

(ARGAZKIA: Bilbao Udala) 

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak udal entitatearen bidez, handitu eta berrantolatu egingo du Artxandako kiroldegiko pabiloi estalia, hura saskibaloi profesionaleko eremu bat bihurtzearren. Kantxa eta harmailak ez ezik, zeintzuk Bilbao Basket taldeak eta beste talde batzuek ere (eskatzen badute eta erabilgarri badaude) erabiliko baitituzte, beste bi gune bereizi ere izango ditu: bata, Bilbao Basket taldeak eta ez beste inork erabiltzeko, eta, bestea, beheragoko kategorietan dabiltzan gainerako klubek eta taldeek erabiltzeko. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak aurkeztu dute gaur goizean proiektua, Isabel Iturbe Bilbao Basket taldeko presidentea, Rafa Pueyo kirol- zuzendaria eta Ludde Häkanson eta Alex Reyes jokalariak. Bizkaiko Saskibaloi Federazioko presidentea, Koldo Mendia, eta zuzendari teknikoa, Jesús Ituño.

Aburtok azaldu duenez, behin pabiloia berritutakoan, Bilbao Basket taldeak Bilbao Arenatik Artxandara aldatuko du bere entrenamendu-lekua, eta Miribillako instalazioak partidak jokatzen baino ez ditu erabiliko, eta, era horretan, Aburtoren esanetan: “Bilbao Arena baliagarriago egongo da, uriko jarduerak eta ekitaldiak hartzeko, hargatik Bilbao Basket taldeak uko egin beharrik gabe entrenatzeko leku bat izateari, gaurkoa bezalakoa prestazioetan eta kalitatean”.

Bilboko alkateak nabarmendu duenez: “proiektu honek hobetu egiten ditu urira ekitaldiak ekartzeko dauzkagun aukerak, eta lagundu egiten digu uri moduan aurreratzen”, “aukera bat da, ekitaldiak egiteko leku bat izateko, astegunetan batez ere”, gehitu du. Azkenik, honako hau nabarmendu du: “uri osoari onura dakarkion inbertsio bat da, eta Bilbao Basket klubarekin eta saskibaloiarekin daukagun konpromisoari eusten diogu horrela”.

PABILOIA HANDITU ETA BERRANTOLATZEA

Lanak datorren maiatzean hasiko dira, eta espero da 2023ko abuzturako egongo direla amaituta. Inbertsioa, orotara, 2.477.488 euro izango da.

Pabiloia berrantolatuta, bi maila izango ditu, eta dagozkien sarrerak.

Proiektuan, badago jasota Pabiloirako sarrera bat berezia, instalazioak kokatuta dauden kanpoaldeko plazatik. Era horretan, pabiloi barruan egingo diren jarduerek ez dute eraginik izango kiroldegiaren jardueretan.

  • Kantxa: Pabiloiaren gune nagusia saskibaloi-kantxa bat izango da, ACB ligako eta Estatuko gainerako lehiaketetako lehiaketa-arauen araberakoa. Kontuan hartu dira, orobat, FIBAren eskakizunak, eta, hartara, aukera izango da nazioarteko lehiaketak ere egiteko, aukerarik suertatuz gero. Harmailen azpian 3 aldagela izango dira, ACB baino beheragoko kategorietako taldeentzat eta joko-epaileentzat. Gune horretan bertan, biltegietarako eta instalazioetarako eremu bat izango da.
  • Harmailak: Kantxaren ondoan, harmaila bat izango da, gutxienez 240 lagunendako lekua izango duena, eta guztiz irisgarria izango da, eta mugitzeko zailtasunak dauzkaten pertsonendako leku erreserbatuak izango ditu.
  • Bilbao Basketendako ez beste inorendako gune bat: espazio interkonektatu bat sortuko da, Bilbao Basket taldeko profesionalek ez beste inork erabiltzeko, eta honako hauek izango ditu:
    • Aldagelak eta komunak.
    • Gimnasio bat
    • Fisioterapia-eremu bat.
    • Harropak garbitzeko leku bat eta biltegiak.
    • Gune sozial bat.
    • eta bi areto erabilera askotakoak.
  • Prentsa aretoa: hedabideetako profesionalen lana erraztearren, dela Bilbao Basketen berri eman behar dutenerako edo instalazioetan egingo diren ekitaldien berri eman behar dutenerako, Pabiloiak prentsa-areto bat ere izango du, partidak eta lehiaketak telebistaz emateko teknologia egokiz hornitua.

Gaur den egunean, Pabiloiak 5.105 metro koadroko eremu bat dauka, eta berritu ostean 5.250 metro koadro izango ditu, eta eremu eraikia, guztira, 5.971 m koadrokoa izango da.