MENU
BIZKAIA-SARIAK

Mario López eta Naia Fernández, Bizkaia Kirolak Sarien irabazleak

Astearte honetan, Bizkaia Kirolak Sariak banatu dira Foru Jauregian eta Bizkaiko saskibaloiak sari bikoitza lortu du. Sei kategorietatik bitan Mario Lopez entrenatzaile onena izendatuta zegoen, eta Naia Fernandez zuzendari/laguntzaile onena, eta bietan 2019ko onenak izendatu dituzte.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Bizkaiko oinarrizko kirolaren lana aintzatetsi nahi izan dute Bizkaiko Foru Jauregian egindako ekitaldi intimoan. Hamabosgarren edizio honetan 2019.urtean lortutako kirol-merezimenduak hartu dira kontuan.

Unai Rementeriak Bizkaian kirolaren arloko pertsonek eta erakundeek egiten daben beharra goraipatu dau. “Egoera honegaz, egia esan, gatxa da edozer egitea. Zer esango dogu zuen jarduereari, kirol jarduereari, jagokonez. Baina arazoak gainditutearen adibidea be bada. Hobetuten jarraituteko errealidadera egokitzearen adibide bat. Bakoitza bere diziplinan. Baina arrakastan ez gara ahaleginagaz akordaten. Eta hori da azpimarratu gura dodan unea’. Ahaldun Nagusiak Bizkaia Kirolak Sarien finalistei gogorarazo gura izan deutsie ‘sariak zuen ekintzen ondorio dirala. Eta handiak zarie zuen diziplinetan  zarienagaitik eta egiten dozuenagaitik’.

Bestalde, Lorea Bilbaok hauxe adierazo dau: ‘Inguruabarrak gorabehera, Bizkaiko Foru Aldundiak aitorpen publikoa egin gura izan dau Bizkaian oinarrizko kirolak egin dauan eta une honeetan egiten dauan beharra eta ahalegina aintzatesteko. Finalera iritsi diran hautagaiak Bizkaiko kirol sistemearen ordezkaritza bikaina dira. Une oso latza pasaten dauan kirol-sistemea da baina seguru gaindituko dauala abagune hau, gaindituko dogula, Bizkaiko kirola osatzen daben pertsonek eta erakundeek daukien talentua eta energia kontuan hartuta.’ Bilbaok, ostean,  esan dau ‘Guretzat funtsezkoa da oinarria sendoa eukitea talentu handiz betetako kirol-sare indartsua eregiteko; horregaitik da hain garrantzitsua gure lurraldean oinarrizko kirolak daukan mailea.’ Amaituteko esan dau “Bizkaiko kirolak etorkizuna ziurtatuta daukala, gaur egun lorpen handiak ereiten zagozealako”.

Bizkaia Kirolak Sarietan sei kategoria saritzen dira (kirolaria, entrenatzailea, erakundea, zuzendaritzako langilea edo laguntzailea, taldea eta arbitroa). XV. edizioan, honako hauek izan dira saritutako pertsonak eta erakundeak: kirolari-kategorian, Jone Magdaleno Albizu taekwondoko kirolaria (ezin izan da ekitaldian egon eta bere izenean Ginmástico Bilbao Klubeko presidentea den Xabier Baresek jaso du saria); entrenatzaile onenaren kategorian, José Mario Lopez Villalibre (saskibaloia); erakunde-kategorian, Berango Atletismo Taldea (atletismoa); zuzendaritzako langile onenaren kategorian, Naia Fernandez Veiga (saskibaloia); talde onenaren kategorian, Abra Itsas Kirol Errege Klubeko eta Sporting Errege Klubeko Jose Luis de Ugarte Bela Eskolako taldea; eta, azkenik, entrenatzaile onenaren kategorian, Fernando Oteo Fernandez (ping-ponga).

Mario López Villalibre entrenatzailea

Bere jaioterrian entrenatzen du, Gernikan, hain zuzen ere. Ibilbide luzea egin du bertan; emakumezkoen saskibaloiko oinarrizko kategoria guztietan jardun du, eta ezinbesteko oinarri izan da Gernika KESBko senior taldea Estatuko zein nazioarteko goi-mailako txapelketetan aritu dadin. Izugarrizko lan hori egiteaz gain, Euskadiko emakumezkoen hautatzaile absolutu gisa aritu da, bai eta Espainiako oinarrizko kategorietako hautatzaile gisa ere.

Naia Fernandez Veiga zuzendaritzako langilea

Kirolak, kasu honetan saskibaloiak, denbora eskaintzeko eta arduraz aritzeko prest dagoenarentzat garapen profesionaleko aukera ugari eskaintzen dituen adibide garbia dugu hau. 20 denboralditan baino gehiago jokatu du euskal saskibaloiko oinarrizko kategoria guztietan, eta bere garaipenen zerrendan nabarmentzen da Espainiako Unibertsitate Txapelketako txapeldun izatea, bai eta kadete nahiz junior kategorietan Estatuko txapeldunorde izatea ere. Era berean, 20 denboralditan aritu da entrenatzaile gisa zein kirol-zuzendari gisa, eta Bizkaiko Saskibaloi Federazioko gizonezkoen selekzioko lehen hautatzailea da. Kazetaritzaren esparruan, hainbat komunikabidetan aritu da, bai eta Espainiako Saskibaloi Federazioan ere, non Europako txapelketei, olinpiadaren aurreko txapelketei eta erreginaren kopei buruzko albisteak eman baititu. Gaur egun Lointek Gernikako eta Bizkaiko nahiz euskal saskibaloi-federazioetako prentsa-burua da.