MENU
JOSEBA-ESTALAYO

Lointek Gernika, RETAbet Bilbao Basket eta Zornotzak goian jarraitzen dute irabazi ondoren

Berri onak izan ditugu asteburuan orokorrean FEB lehiaketetan, Lointek Gernikak erraz irabazi zuen, Zornotzak garaipena lortu zuen hiru asteren ondoren, RETAbetek ondo kudeatu zuen abantaila eta ondorioz sailkapenaren goialdean jarraitzen dute. GDKO irabaztetik gertu geratu zen Celtaren aurka eta Santurtzik luzapenean galdu egin zuen Egesibarren aurka.

LOINTEK GERNIKA 75 – QUESOS EL PASTOR 49

Lointek Quesos El Pastorren gainetik pasa zen, baja askorekin iritsi ziren Gernikara. Gernikarren tanteoko lehen 2-3 minutuak kenduta, non 16-0eko partziala loru zuten, pixkanaka abantailak handitzen joan ziren etxekoak.

LEVITEC HUESCA 61 – RETABET BILBAO BASKET 74

Balio handiko garaipena lortu zuen RETAbet taldeak Huescan. Alex Mumbrurenek bigarren posturako lehian izango duten aurkariarekiko alde garrantzitsua atera dute. Atsedenaldi aurreko  0-13ko partziala erabakigarria izan zen, eta Cruzen partidu onari esker Aragoikoen erasoaldiei ondo eutsi zieten.

ZORNOTZA 98 – BASKONIA 95

Garaipena behar zuten zornotzarren lasaitasuna lortzeko eta oraindik matematikoki salbazioa lortu ez badute ere pausu garrantzitsua eman dute bizkaitarrek. Lana gogotik egin behar izan zuten Mikel Garitaonandiarenek (49-43, atsedenaldian). Bercy-k berdinketa lortu zuen 21 segundoren faltan jaurtiketa libreen marratik eta bere tapoi batek partidua luzapenera eramatea lortu zuen. Luzapenean Zornotza fin ibili zen hiruko lerrotik eta jokaldi erabakigarrienetan Baskoniak ez zuen ongi aukeratu eta garaipena Larrean geratu zen.

CELTA DE VIGO 72 – GDKO IBAIZABAL 65

Gauzak zail jarri zizkion GDKO-k Emakumezkoen 2 Ligako A multzoko liderrari baina ezin errematatu geratu ziren. Josema Alcantararenak ondo kantxaratu ziren, defentsan sendo eta erasoan saskiratuz. Horrela etorri ziren aurreneko abantailak 13-22. Celtak ongi erreakzionatu zuen, abantailak murriztu zituen eta 4 minuturen faltan 61-61 islatzen zuen markagailuak. Hortik aurrera etxeko taldea gehiago izan zen.

VALLE DE EGÜES 79 – SANTURTZI 75

Luzapenean ihes egin zion garaipena Santurtziri Egesibarren jokatutako partiduan. Taldeak maila bikaina erakutsi zuen kantxa zail batean. Aurreko jardunaldiekin alderatuz erregulartasun handiagoa erakutsi zuen Xabi Vega hiperaktibo batekin (24 puntu eta 12 errebote). Santurtziarrak luzapenera iritsi ziren baina bertan 15-11ko partziala jaso zuten.