MENU
gorka-isra

GIZ 1.Maila: Israel Ortiz de Zárate (Uni. Deusto Loiola) vs Gorka Garzón (Unamuno)

Larunbat honetan arratsaldeko 18:15etatik aurrera derbi bizkaitar bat izango dugu eta irabazleak Gizonezkoen Lehenengo Mailako Lauko Finalerako ohorezko postu bat eskuratuko du jokatzeko 3 jardunaldi faltako direnean. Universidad Deusto Loiola Indautxuk Unamuno jasoko du eta talde biak bosgarren eta zortzigarren postuan aurkitzen dira urrenez urren. Indautxukoek 12 garaipen eta 10 porroteko balantzea daukate eta La Casillakoek aldiz garaipen bat gutxiago dute, 11 guztira.

Norgehiagoka hau aztertzeko ikuspuntu ezberdinak daude baina guk talde bakoitzeko jokalari beteranoenak hartu ditugu derbiaren beraien ikuspuntua jasotzeko, Gorka Garzon eta Israel Ortiz de Zarate, 81 eta 83ko belaunaldikoak urrenez urren. Jokalari bi hauek Santurtzi edo Unamuno bezalako taldeetan elkarrekin aritu dira eta orain Lauko Finalerako postu baten bila aurrez aurre lehiatuko dira. Lagun bi hauekin derbi bilbotarra aztertuko dugu.

ISRAEL ORTIZ DE ZÁRATE (Universidad Deusto Loiola Indautxu)

Ortiz de Záratek kirol esperientzia zabala du bai Araban eta bai Bizkaian. Gasteizko Francisco Institutuan hezia,senior adina Forsec taldean abiarazi zuen, Interautonomikoan. Honen ostean bi denboraldiz Baskoniaren filialean jokatu zuen eta zenbaitetan Dusko Ivanoic eta Velimir Perasovicen agindupean entrenatu zen lehen taldearekin. Hori eta gero Araberrira joan zen, Nazional mailako 1.mailan txapeldun izatea lortuz (2008/09). Urte horren ostean Bidegintza Zallara joan zen berriz ere txapeldun geratuz (2009/10). Arazo ekonomikoak medio, ezin izan zuten igoera burutu eta berriz ere Gasteizera itzuli zen EBAn jokatzeko Aurteneche Maquinaria taldean jokatzeko eta liga irabazteko (2010/11) Iñaki Merinoren agindupean. Talde Arabarraren Zilarrezko LEB taldeko planetan sartu ez zenez, Bizkaiara itzuli zen Santurtzirekin jokatzeko eta txapelketa lortzeko (2011/12) eta EBAn jokatu zuen ezkerraldeko taldearekin hurrengo denboraldian. Urte bete geldi egon ostean, EBAn jokatzera itzuli zen Unamunorekin, Klubaren azken denboraldia EBAn bere jaitsiera ziurtatu eta gero eta jokalari bezala maila horretan jokatu zuen azken denboraldi honetara iritsi zen arte.

- Unamunoren aurkako derbian, zeintzuk dira Univ Deusto Loiola Indautxu taldearen puntu indartsuenak?

Abiadura eta kanpoko asmatzeak, dena defentsa on batean oinarritua. Atzean ondo bagaude kontraerasoan min egiteko aukerak izango ditugu. Talde gaztea dugu, beraiek baino erritmo biziagoa dugula uste dut eta horretaz aprobetxatu behar gara.

-  Zerk arduratzen zaitu gehien aurkariarengandik?
Gu baino garaiera handiagoa dute eta aurretik nola jokatuko duten jakitea oso zaila da. Azken aldian izandako emaitzen arabera momentu onean daudela esan daiteke. San Cermin bezalako talde indartsuei irabazi die eta pasa den larunbatean ligako liderraren aurka 3 puntuko aldeagatik baino ez zuten galdu. Lauko finala jokatzeko larunbateko partidua irabazi behar dutela badakite eta dena emango dute hori lortzeko.

-  Zein jokalari izan daiteke erabakigarria?
Joaneko partiduan beraien jokoa jokalari batengan oinarritzen zen (Sergio Iglesias) eta jokalari hau ez dago taldean gaur egun. Taldea utzi eta gero taldearen pisua gainontzeko jokalariengan banatu da eta edonork izan dezake bere eguna. Argi dago Sergioren hutsunea nabariko dutela baina horrek ez diote ahulagoak egiten, azken emaitzak ikustea baino ez dago.

- Bukatzeko lau jardunaldi geratzen direnean, ligan eginiko ibilbidearen zein balantze egiten duzu? Lauko Finala?

Taldeak hasiera kaxkarra izan zuen, 0-4ko balantzearekin hasi ginen eta horri buelta ematea asko kostatu zitzaigun. Nahiko irregularrak izan gara  baina partidu zail asko aurrera ateratzeko gai izan gara, adibidez urtarrilean liderraren etxean lorturikoa. Garaipen horrekin oso bolada onean sartu ginen eta horrek gaur egun gauden tokira ekarri gaitu. Lauko Finalari dagokionez, gure esku dago sailkapena,partidu gutxi geratzen dira eta ez dugu beste gauza askorik esateko. Denboraldi ona egin izanaren saria izango litzateke. Benetan uste dut merezi dugula.

- Nola baloratzen duzu lehen maila honetan egindako zure urte hau?

Urte bete neraman  jokatu gabe EBAn aritu nintzen azken denboralditik eta sasoiko jartzeko gogoz  nengoen. Horregatik aurre-denboraldia egin nuen jokatzeko inolako intentziorik izan gabe. Pixkanaka jokatzeko gogoa etorri zitzaidan eta azkenean fitxa egiten bukatu nuen. Denboraldia imajina nezakeena baino hobeagoa izan da eta taldeari gauza positiboak emateko gai naizela ikusi dut, bai kantxan eta bai aldageletan.

- Gorka Garzonentzako mezua
Badakit saskira sartuko naizela eta zure “zartaginkada” famatu bat eramango dudala. Kexatu egingo zara, begiratu egingo didazu eta elkarri barre egingo diogu. Lehiaren gainetik lagunak gara, orain dela urte askotik ezagutzen gara elkar, garaipenak eta porrotak bizi izan ditugu elkarrekin eta biok dena emango dugu partidua irabazi eta Lauko Final horretan egoteko. Biok sailkatzea  nahiko nuke baina soilik batek pasa ahal badu, ni izatea nahi dut. Gerta ala gerta, partidu osteko garagardoak eta adar jotze sanoa bermatuak daude.

GORKA GARZÓN (Unamuno)

Ibilbide luzea du bere gain. Aguilas Salde taldeko harrobian hezia, gure lurraldeko talde handienetan ibili da Gorka Garzón bere ibilbidean. Raúl Ruizen Askartza Claretek Santurtziko EBAra pausua emateko aukera eman zion eta bertan taldearen urte onenez gozatzeko aukera izan zuen, eta Zilarrezko LEB mailan minutu gutxi batzuk gozatzeko aukera izan zuen. Gero Zornotzan jokatu zuen, taldearen estatu mailako lehiaketetako lehen bi urteetan (EBA). Honen ostean bere gaur eguneko taldera joan zen, Unamunora. Talde honetan EBA mailara igoera historikoa lortu zuten. Liga honetan aritutako bigarren urtean maila galdu zuen. Lehiatzeari utzi eta gero, aurten denboraldia entrenatzeko asmoarekin abiarazi zuen, baina ezin izan dio gogoari eutsi eta lehiatzen bukatu du…

- Univ.Deusto Loiola Indautxuren aurkako derbian, Zeintzuk dira Unamunoren indarguneak?

Barneko jokoa eta defentsa intentsitatea. Bi osagai hauek funtzionatzen dutenean edozein talderen aurka lehiatzeko gai dira.

- Zerk kezkatzen dizu gehien aurkariarengandik?
Antzeko profila duen taldea da, bai gaztetasuna eta bai esperientzia handiko jokalariez osaturik. Partidu berdindua aurreikusten dut, sailkapenak hori erakusten du. Kantxa faktorea erabakigarria izan daiteke.

- Zein jokalari izan daiteke erabakigarria?
Kantxa faktorea alde batera utzita, partidua apurtu daitekeen uneetarako zirt edo zarteko jokalariak ditu. Partidua apurtzen ez bada, nire taldekide Jagoba Guerrero eta Isarelek rol erabakigarri hori hartu dezakete.

- Bukatzeko lau jardunaldiren faltan, zein balantze egiten duzu zure taldeak ligan izandako parte hartzeari buruz? Lauko Finala?
Lauko Finalerako aukerak hor daude eta agian denboraldia hasi aurretik guztiok sinatuko genuke gauden lekuan egotea lau jardunaldiren faltan. Baina uste dut balantzea hobea izan daitekeela eta 2-3 garaipen gehiago izan genitzakeela. Berdintasuna ikusirik eta Loiolak eta Tabirakok elkarren aurkako partida jokatzen dutela ikusirik, gure aukerak bi partidu hauek eta etxean Askartzaren aurka geratzen zaiguna irabaztetik pasatzen direla uste dut. Denak irabazita barruan egongo garela uste dut.

- Nola baloratzen duzu lehen maila honetan egindako zure urte hau?
Buelta emateko urte bat behar nuen. EBAn izandako azken denboraldia pixkat frustragarria izan zen. Jokalari onak genituen, kide onak eta denboraldi amaieran ilusioa galdua genuenaren zentzazioa dut. Zikloa behar bezala itxi ez izanaren sentipena nuen. Aurten, datorrena datorrela, ziklo hau itxi dudala pentsatzen dut. Etorkizun handia duten baina oraindik esperientzia falta zaien mutikoen talde handi bati lagundu izana zoragarria da.

- Israel Ortiz de Zaraterentzako mezua
Ezin dio zorterik opa, ez partida honetarako behintzat. Baina berak bere maila ematen badu Loiola are eta arriskutsuagoa izango da. Saskibaloiak momentu onak ematen dizkizu (txar batzuk ere bai), baina baita pertsonak ere eta Israel kirol honek ematen dizkizun kide horietariko bat da. Partiduaren ondoren hirugarren zati bat jokatzeko aukera izatea espero dut, baina egia da urteak denontzako pasatzen direla…