MENU
Barakaldo-EST-CANASTA

Garaipena baino ez zaio falta izan Ausarta Barakaldoren festa handiari

Ausarta Barakaldo EST taldea zentzu askotan mugitzen ari da eta pasa den igandean Lagunak Lakita liderraren aurka jokatutako partidua festa batean bilakatu zuen. Santurtziri omenaldia, saskibaloi soziala, irristaketa erakustaldia… Lasesarren giro bikaina egon zen.

Zentzu guztietan hazi nahi du Barakaldo EST taldeak denboraldi honetan. Kirolari dagokionez, bere lehen taldea maila ematen ari da. Atzerriko zenbait jokalarik “plus” bat eman diote taldeari, batez ere fisikoaren aldetik, eta jokalari bizkaitarrak oso maila altua erakusten ari dira. Horren erakusle da sailkapenean duten laugarren postua. LF2ra igotzeko promozio partidua jokatzea ahalbidetzen duten postuengatik borrokan dabil. Hori bai, Igandean liderraren aurka 57-66 galdu izanak helburu hori zailtzen du.

Barakaldo EST taldeak partidu bakoitza festa batean bihurtu nahi du. Pasa den astean CB Santurtzi SK taldeari omenaldi bat eginez abiarazi zuten. Santurtziarrek 30 urte bete dituzte. Alberto Cea, klubeko Lehen Maila Nazionaleko entrenatzailea eta Barakaldo EST taldeko idazkariak honakoa azaldu zuen  “30 urte hauengandik zoriontzen lehenak izan nahi genuen, hori dela eta plaka bat eman nahi izan diegu klubeko zuzendari eta entrenatzaileei. Era berean Santurtziko beheko mailetako talde guztiei gonbita luzatu diegu partiduetako atsedenaldietan joka dezaten”.

Saskibaloi sozialari ere dagokion errekonozimendua egin zien. “  Buruko gaitzak dituzten pertsonekin lan egiten duten Argia Fundazioarekin eta dependentzia duten pertsonei etxean laguntza eskaintzen dien Urgatzi Taldearekin elkarlanean aritzen garenez, guztiei partidura gonbidatu genien eta lehen lerroan partiduaz gozatzeko aukera izan zuten”. Azaldu zuen Ceak.

Sorpresa gehiago izan ziren. Atsedenaldian Barakaldoko irristaketa artistikoko klubak 5 minutuko erakustaldia egin zuen, bertaratutako guztiak liluratuta geratu zirelarik.

Horregatik guztiagatik, Alberto Ceak helburu guztiak beteak geratu zirela azaldu zuen:  “Jende asko egon zen, guztiek ondo pasatu zuten, partidua maila handikoa izan zen, gure kide berrien aurkezpena egin genuen…, garaipena baino ez zen falta izan”.