MENU
RPR-BSR-AYUNTA2

Bilbon egingo da gurpil aulkiko saskibaloiko Euroligako Taldeen Fasea

Martxoaren 10ean eta 11n, Txurdinagako kiroldegia gurpil-aulkiko saskibaloiaren erreferente izango dugu; izan ere, egun horietan, udal kiroldegiak ateak irekiko ditu bilbotarrek gurpil-aulkiko saskibaloiko Euroligako taldeen fasea ikusi ahal izan dezaten. Aurreneko aldia izango da Euskadin gurpil-aulkiko saskibaloiko nazioarteko lehiaketa ofizial bat egiten dena. Politikaren, kulturaren edo kirolen arloetako nazioarteko ekitaldi handien egoitza izateko Bilbok duen tiraren erakusgarri da honako lehiaketa hau

Gainera, taldeen fasea jokatzeko egoitzaren izendapena anfitrioia den Bidaideak Bilbao BSR etxeko taldearen 25. urteurrenarekin bat dator. Hori dela eta, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak talde bilbotarrak jokatzen duen lehenengo partidua ikusiko du, martxoaren 10ean (barikua),  11:15ean. Aurkaria Errusiako Bkis Nevsky Alliance taldea izango da. Era berean, Bilboko Udalak lagundutako ekitaldi honekin kirol egokitua hor dagoela erakutsi nahi da eta balioa eman ahaleginari, irmotasunari, integrazioari eta mugak gainditzeari.

BEDERATZI PARTIDU BI EGUNETAN

Bi egunetan, London Titants (Britainia Handia), Tregorrois Lannion (Frantzia), Les Aigles de Meyrin (Suitza), Bkis Nevsky Alliance (Errusia) eta etxeko Bidaideak Bilbao BSR taldeak, bost guztira, irabazten saiatuko dira Frantziako Tolosan egingo den finalerako txartela eskuratzeko lehian. Etxeko taldea eta Bkis Nevsky Alliance dira faboritoak, azken hau Errusiako une honetako txapelduna da eta lehenengo lekuan dagoena.

Beste alde batetik, London Titans eta Bidaideak Bilbao BSR taldeek ondo ezagutzen dute elkar, duela urte bi Turkiako Yalova hirian egin zen Europako lehiaketan elkarren kontra jokatu zuten-eta. Harako hartan talde euskaldunak irabazi zuen. Talde britaniarrak hirugarren lekuan amaitu zuen aurreko denboraldian eta une honetan bere herrialdeko ligako sailkapeneko buruan dago.

Les Aigles de Meyrin suitzarrak Suitzako txapeldunorde dira eta une honetan hango lehiaketako bigarren lekuan daude. Club Tregorrois Lannion frantziarrak, ordea, etxeko lehiaketako seigarren postuan daude.

BIDAIDEAK BILBAO BSR

Bilboko taldea Euroligako finalista izateko faboritoetako bat da. Hirugarrenez ari da parte hartzen txapelketa horretan eta aurreko denboraldian Challenge Cup-eko azpitxapelduna izan zen, Banja Luka (Bosnia-Herzegovina) hirian jokatu zen finala Amiab Albacete taldearen aurka galdu ondoren. Plantilla orekatua du, nazioarte-mailako jokalariekin; izan ere, taldeko lau jokalari finalistak izan ziren azken Joko Paralinpikoetan. Gainera, munduko talde bakarra da lau dominadun dituena (urrezko bat eta zilarrezko hiru).

LEHIAKETAKO EGUTEGIA

Lehiaketa honetan, talde guztiak elkarren aurka jokatu behar dute. Garaipen gehien dituena izango da irabazlea. Berdinketarik egonez gero, average partikularra hartuko da kontuan. Partiduak barikuan eta zapatuan, martxoaren 10ean eta 11n, jokatuko dira, ordu hauetan:

Barikuan, martxoaren 10ean:

11:15ean Bidaideak Bilbao BSR – Bkis Nevsky Alliance
13:30ean Les Aigles de Meyrin – Tregorrois Lannion
15:45ean Bkis Nevsky Alliance -London Titans
18:00etan Tregorrois Lannion – Bidaideak Bilbao BSR
20:15ean London Titans – Les Aigles de Meyrin
Zapatuan, martxoaren 11n:

09:00etan Tregorrois Lannion – Bkis Nevsky Alliance
11:15ean Les Aigles de Meyrin – Bidaideak Bilbao BSR
15:45ean Bkis Nevsky Alliance – Les Aigles de Meyrin
18:00etan Bidaideak Bilbao BSR – London Titans