MENU
  • MONGE-MENDIA-JUNTA
  • ULTIMA-JUNTA-DIRECTIVA-MONG
  • MENDIA-MONGE
  • KOLDO-MENDIA

Koldo Mendia Bizkaiko Saskibaloi Federazioko presidente berria

Asteazken honetan Germán Mongek agur esan zion Bizkaiko Saskibaloi federazioari, izan ere Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidentea izango da aurrerantzean. Bere ordezkoa Koldo Mendia izango da, orain arte presidenteorde izandakoa, izan ere presidenteordeak hartzen ditu presidentearen erantzukizunak azken honek kargua uztean. Batzar ekonomikoak berrestean  izango da benetakoa.

Asteazkenean zuzendu zuen German Mongek Bizkaiko Saskibaloi Federazioko azken Zuzendaritza Batzordea. Mendiak erronka onartu zuen eta presidente bezala arituko da aurrerantzean. Efemeride honetara Federazioko langile eta laguntzaileak gonbidatu ziren. Germán Mongek esker oneko hitzak izan zituen bertaratutakoentzat eta azken hamarkadan Bizkaiko Saskibaloiaren alde lan egin duten guztientzat.

Koldo Mendiak traineru bat eman zion Mongeri, izan ere azken honek beti talde lanaren aldeko mezua zabaldu du. Momentu hunkigarriak izan ziren, txalo zaparrada batek lagundurik.

Orain aro berri bat hasten da Bizkaiko Saskibaloi Federazioan Koldo Mendiaren gidaritzapean. Presidente berriak saskibaloi ibilbide luzea du, funtzio ezberdinak bete dituelarik. Lehendabizi Paduran aritu zen jokalari bezala, bertan Senior mailara arte egon zelarik. Beranduago Getxon jokatu zuen, hirugarren mailara igoz eta urte batzuk saskibaloi mundutik urrunduta egon eta gero, La Salle Klubarekin lanean hasi zen, 90. hamarkadan zuzendaritzan aritu zelarik. La Sallen presidente ere aritu zen. Arturo Aguadoren hautagaitzako funtsezko gizona izan zen, Bizkaiko Federazioko zuzendaritzan German Mongerekin batera sartu zelarik 2004. urtean. Federazio mundua ezaguna du eta orain arteko ildoa jarraitzeaz gain, erronka berriei aurre egiteko prest da.

KOLDO MENDIA: “HAUTESKUNDEETARA AURKEZTUTAKO PROIEKTUAREKIN JARRAITUKO DUGU”

Koldo Mendiak, German Mongek Bizkaiko Saskibaloi Federazioan urte guzti hauetan eginiko lana eskertu nahi izan dio, “Bizkaiko Saskibaloiaren birsorkuntzaren aldeko lanaren bultzatzaile esanguratsuena izan da eta onena opa diot Euskadiko Saskibaloi Federazioan”. Mendiak Bizkaiko Saskibaloia agurtu nahi du eta ildo kontinuista baieztatu “hauteskundeetara aurkeztutako proiektuarekin jarraituko dugu”, adostutako akordioak betetzen saiatuko gara eta saskibaloia sustatzeko ekimen berriei zabalik gaudela azpimarratzen dugu”.

Mendiaren helburua “Formazioko estatu mailako txapelketak ekartzea izango da denboraldi honetan bertan”. Hau lortzeko lan talde berdinarekin jarraituko da “hauteskundeak eta gero geunden berdinak jarraitzen dugu, pertsona berri bat sartu behar dugu eta nire intentzioa, pertsona hori emakumezkoa izatea da” azaldu zuen Koldo Mendiak.