MENU
santurtzi-gallofa

Jardunaldi ona, talde bizkaitar guztiek irabazi dute, Santurtzik izan ezik

 (ARGAZKIA: Pablo Lanza)

Ia partida guztiak irabazi dituzte gure taldeek. Bizkaiko Elitezko saskibaloia zorioneko dago. Dominion Bilbao Basketek Barcelonari irabazi zion eta lidertzan dago. Lointek Gernika Bizkaiaak CREFri irabazi zion eta hirugarren postuan dago bera bakarrik, Zornotzak Albaceteri aurre egin zion eta GDKO taldeak berriz ere garaipena lortu zuen Añares Riojaren aurka. Gure taldeen artean batek baino ez zuen galdu, Santurtzik Gallofa&Co taldearen aurka jokatzen zuen Santanderren eta ezin izan zuen garaipenik lortu.

DOMINION BILBAO BASKET 92 – FC BARCELONA LASSA 79

Izugarria izan zen. Dominionek garaipen garrantzitsua lortu zuen FC Barcelonaren aurka lehen laurden izugarria egin eta gero, 24-2-.Talde gorri-urdina berriz osatu zen eta hirukoei eta defentsa lanari esker, atsedenaldira 38-34 iritsi ziren. Carles Duraren taldeak hobeto kudeatu zuen tentsioa eta 10 puntu inguruko aldeari eusten jakin zion. Mumbrúk eta Bramforthek 25na puntu lortu zituzten.

CREF ¡HOLA! 39 – LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 68

Talde handiaren tankera du aurten Lointek Gernika Bizkaiak. Gernikarrek lau partida irabazi dituzte bost jardunalditan eta Avenida etaGironaren erritmoa jarraitzen duten bakarrak dira. Mario Lopezen neskek 20 minutu baino ez zituzten behar izan talde madrildarra mendean hartzeko, izan ere bizkaitarren defentsa lana eta Maria pinak erasoan egindako lanak erabakigarriak izan ziren.

ZORNOTZA SASKIBALOI TALDEA 77 – ARCOS ALBACETE BASKET 65

Zornotzarrek bigarren garaipena eskuratu zuten eta sailkapenaren erdialdean aurkitzen dira. Albaceteren aurkako partida Gernikan jokatu zuten eta nahiz eta partida hasiera kaxkarra egin, 2-16, partidari buelta emateko gai izan ziren, atsedenaldira 42-39 ailegatuz. Partida azken laurdenean erabaki zen Toresen hirukoari eta Estalayoren jokaladi bati esker.

GDKO IBAIZABAL 62 – AÑARES RIOJA 58

Denboraldiko lehen garaipena eskuratu du GDKO taldeak. Norgehiagoka oso berdindua joan zen, bizkaitarrek errebotea kontrolatzen zuten eta gipuzkoarrak kanpoko tiroa. Añaresen bikote estatubatuarrak diferentzia markatzen zuten baina baita Ramascok eta Adek ere. Azken laurdenera 6 puntuko aldearekin iritsi ziren eta hori nahikoa izan zen garaipena Galdakaon geratzeko.

GALLOFA&CO 85 – CB SANTURTZI 64      

Partida zaila zuten aurretik Santurtziarrek, izan ere Santanderreko taldeak EBAko bere historian lortutako garaipenik abultatuena lortuta zetorren aurreko jardunalditik eta lehen jardunaldiko MVP izan zen Jaima Garcia ere bertan zen. La Gallofa&Co taldeak min asko egin zuen hasieratik bere bikote ipar-amerikarrari esker. Lehen laurdenean 8-0eko partzial bati esker 19-13 aurretik ziren Kantabriarrak. Bigarren laurdenean urrutitik beraien eraginkortasuna erakutsi zuten, markagailuan 35-17koa jarriz. Atsedenaldian 45-27 zegoen markagailua eta partidari buelta ematea ia ezinezkoa zen, ez bakarrik puntuen aldeagatik, baizik eta talde bakoitzaren dinamikarengatik. Porrot honetatik badute zer ikasi Santurtziarrek, baina egia da multzo honetako talderik indartsuenetarikoa dela Gallofa.