MENU
UNAI-MENDIKOTE---U17M

Uda honetan nazioarteko lehiaketetan arituko diren bizkaitarrak

Batzuk bukatu dute lehiaketa, beste batzuk postua lortzeko lehia bizian dabiltza eta beste batzuk Estatuko hoberenen artean lekua dutela erakusteko prestaketa hasteko irrikaz daude. Nazioarteko lehiaketetan parte hartuko duten gure jokalari Bizkaitarrak dira, eta uda honetan Europako edota zergatik ez, Munduko jokalaririk onenen artean egon nahi dute.Zerrenda zabala izan arren, espero dugu txikienak hautatzen dituztenean, haztea.

2016ko uda,Rio de Janeiroko Joko Olinpikoek markatuta dator. Bertan, gure kideak diren Juan Carlos Garcia arbitroa eta Selekzioko laguntzaile den Txus Vidorreta izango dira. Indautxukoak Scarioloren konfiantza irabazi zuen Europako Txapelketan eta lehen mailako esperientzia biziko du, beste behien dominak eskuratzeko lehian arituko direlarik. Prestakuntza abiarazi dute eta laster ohiko bira egingo dute.

Mario Lopezek maletak prest ditu. Gernikarra emakumezkoen 16 urtez azpikoen hautatzailea da. Bere taldea Uztailaren 17an hasiko da lanean eta Abuztuaren 6 eta 14 bitartean Udinen ospatuko den Europako Txapelketan dominaren bat eskuratzeko lehian arituko dira.

Batzuk prestakuntza lanetan dabiltzan bitartean, beste batzuek bukatu dituzte egin beharrekoak. Borja Fernandezen kasua dugu, Igande honetan Melillan ospatu den Adiskidetasun Torneoan parte hartu du 15 urtez azpiko selekzioarekin. Askartzan hezitako jokalariak garaipena eskuratu du Javier Zamora entrenatzailearen agindupean. Selekzioak garaipen argia erdietsi zuen lehen jardunaldian Greziaren aurka (94-43), bigarrena italiarren aurka galdu zuten (73-61) eta lana Frantziarrei irabaziz bukatu zuten (71-61).

Torneo eta data berdinean lehiatu da Aitana Vergara 15 urtez azpiko selekzioarekin. Beste behin Espainiako Saskibaloi Federazioko kabinete teknikoaren konfiantza izan du. Neskek ezin izan zuten mutilek lorturikoa berdindu, nahiz eta hurbil izan. Greziarren aurka justu justuan irabazi zuten (66-63), Italiarren aurka (61-50) irabazi zuten baina Frantziarren aurka jasotako porrotak (62-70) tituluari agur esatera behartu zituzten.

Oporretan dagoen beste bat, Unai Mendikote Bilbotarra dugu. CAI Zaragozan dabilen hegalekoa, Zaragozako 17 urtez azpikoen mundialean parte hartu behar duten 12ko zerrendan zegoen eta gogoz beterik joan zen bertara. Maliko estreinako partidan hankako atzamar baten haustura izan zuen eta horrekin batera txapelketari agur esan behar izan zion. Pena handia izan da. Bere taldekideak laugarren postuarekin konformatu behar izan ziren.

Oraindik lanean dabilena Jose Betolaza dugu. Bilbao Basketeko fisioterapeutak, Juan Antonio Orengak zuzentzen duen 20 urtez azpiko gizonezko selekzioarekin lanean dabil berriz ere. Uztailaren 16an hasiko dute Helsinkin Europako Txapelketa.

Gurpil-aulki gaineko Saskibaloian ere Bizkaitarren ordezkaritza dugu. Asier Garcia, Espainiako Gurpil-aulki gaineko Saskibaloi Selekzioarekin dago, Rioko Olimpiar Jokoak prestatzen Ipar Amerikako bira batean. Espainiako Selekzioak, lagunarteko bi torneo jokatuko ditu, lehendabizikoa Estatu Batuetan eta bigarrena Kanadako lurretan.