MENU
  • LV-LOIOLA-TABI5
  • LV-LOIOLA-TABI2
  • LV-JUN-FEM2-JULEN-BERROCA-T
  • LV-JUN-FEM-JULEN-BERROCA-TA

Julen Berrocal: “Saskibaloia apur bat injustoa izan da gurekin azken fase honetan”

Junior eta kadeteen Euskal Ligen harira azken bi hilabeteotan zehar ekarritako elkarrizketen sekzioarekin bukatu egiten dugu, Tabirako Baqué Junior nesken entrenatzaile Julen Berrocalek helarazi digunari erreparatuz. Finalaurreko partidua jokatu zuen taldeak asteburuan Loiola Indautxuren aurka, eta ezin finalera iritsi 81-77ko emaitza sufritu ondoren. Loiola Indautxu bera izan zen txapeldun, Aranur ISBri 60-59 garaituz. Norgehiagoka horren balorazioak eskaini dizkigu Berrocalek. Horrez gain, jokalari eta bestelako ‘staff’-a zoriondu eta agur beroak eman nahi izan dizkie, bi urte aberasgarri hauetan burututako lana goraipatuz.
81-77 azkenean kontran jasandako emaitza Loiola Indautxuren aurka, Euskadiko tituluko finalaurreko partiduan. Ze balorazioa eskaintzen duzue entrenatzaileok (aurrean elkarrizketatutako Xabier Ortuoste baita haren laguntzaile nagusia) zentzu horretan?
Oso partidu gogorra izan zen, bagenekien zein gauza egin behar genituen ondo irabazteko edota irabazteko aukera izateko. Oso partidu borrokatua izan zen bi taldeen aldetik eta gauzak oso ondo egin genituen bi taldeok. Bagenekien Loyolak Itziar Ariztimuño bezalako jokalari bat zuela eta zelai irekian eta kontraerasoan min handia egin zezakeela eta hori gelditzen saiatu ginen defentsa aldaketak egiten une oro. Gure plana ondo irten zela uste dut, baina hala ere, oso talde ona da eta gure akats guztiak zigortu zituen. Atsedenaldira 8 puntu azpitik joan ginen eta markagailua irauli bagenuen ere, azkenean ezin izan genuen irabazi. Argi daukat gure partidua jokatu genuela, oso serio eta landutako gauzak oso ondo eginez, baina Loyola Azkenean Euskadiko Txapeldun suertatu da eta guztien aurrean erakutsi du talde sendoena dela. Behetik gora joan den taldea izan da eta oso denboraldi amaiera bikaina egin dute.
Hemendik, Zorionak Alex, Naiara eta jokalari guztiei, merezitako garaipena lortu  izan baitu Loyolak.
Bestalde, nola ikusi izan duzu taldearen garapena urtean zehar? Zeintzuk lirateke indargune eta ahulguneak?
Taldearen garapena handia izan da. Hasi ginenetik taldeak gora egin du nahiz eta bigarren fase honetan partidu nahikotxo galdu ditugun. Asko zentratu gara baloi gabeko jokoan, zelaia areagotzen, espazioak ondo zaintzen, abantailak irakurtzen, defentsa sendoa eraikitzen eta korrika egiten eta kontraerasoan jokatzen. Uste dut taldeak pauso handia eman duela zentzu horretan eta lanean ere oso ondo eta gustora egon gara.
Hala ere, uste dut saskibaloia apur bat injustoa izan dela gurekin azken fase honetan eta galdu ditugun partidu asko irabazi ahal genituela.
Indarguneak, batez ere, daukagun barruko jokoa da. Aitziber Ardanza dugu gurekin, Euskadi mailako Pibot onenetarikoa onena ez bada adin honetan. Taldeek ondo defenditu dute eta askotan epaileek ez digute eta ez diote batere lagundu Aitziberri.
Denboraldi hasieran, lesio garrantzitsu bat izan genuen eta taldeak asko sufritu du.
Kolektibo horretatik, ba al daude lehen maila nazionaleko kluba laguntzen duten neskak?
Bai, egon badaude , Lehen Maila Nazionalera jauzia eman ahal duten jokalariak. Beti ere, goiko taldean egon daitezkeen bajak ikusi behar ditugu , baina uste dut , Aitziber Ardanza, Olatz Garita eta Miren Arin bezalako jokalariek lekua izan dezaketela.
Miren Arinen lana goraipatu nahiko nuke. Asko hobetu du duela 2 urtetik ona eta esan dezaket maila honetan dagoen hegaleko hoberenetarikoa dela zalantza barik. Defentsa lerroan oso ona, intentsitate handikoa, zelai irekian min handia egin dezakeen jokalaria eta baloi gabeko jokoan espezialista handia. Kontutan hartzeko jokalaria duda barik. Entrenatzaile moduan beti nahi izaten duzun jokalari horietakoa eta denboraldi amaieran maiteminduta geratzeko modukoa.
Aldaketa nabarmenik egongo al dira taldean datorren urteari begira? Zeintzuk dira helburuak hemendik aurrera?
Nire ustez taldeak asko egingo du behera eta helburua beste bat izango dela uste dut. Aitziber, Olatz, Miren eta Maiane bezalako jokalariak galduko dira eta horregatik, taldearen maila bajatuko da. hala ere, oso langile geratuko da eta seguru lan txukuna egiten dutela jokalari hauek.
Nire azken urtea izan da talde honekin eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiet 2 urte hauetan Junior Mailan nirekin egon diren jokalari eta entrenatzailei. Iazko taldetik ez dut inoiz ahaztuko orain nire laguna den Izaro Solozabal bezalako jokalaria entrenatu izana edota aurten lehenengo maila nazionalean oso txukun dabilen Intxausti entrenatu izana (beste guztiak ahaztu gabe).
Eskerrak ere nire ondoan egon diren laguntzaileei. Plazer bat izan da 2 urte hauetan zuekin egotea eta zuekin lan egitea.