MENU
TABI-CAD-MASC-LV

Peru Gorritxategi: “Maila honetan kontzentrazioan dago gakoa”

Euskal Ligako entrenatzaileen sekzioan Peru Gorritxategi izaten da gure hurrengo gonbidatua. Gorritxategi Kadete Mutilen Tabirako Baque A taldeaz arduratzen da A2an. Kategoria honetan Fundacion 5+11 B da lehena, sei partidutik bost irabazita. Bigarrenetik bosgarrenera Take Tolosa, Cafes Aitona Askatuak, Tabirako bera eta Mondragon Unibertsitatea -A- kokatzen dira 3-3ko balantze parekatuarekin, hurrenez hurren, seigarrena Zast Zarautz izanik, garaipen bat eta bost porrotekin.

Hala baloratzen zuen Gorritxategik unera arteko lehiaketaren nondik norakoak: “Maila honetan kontzentrazioan dago gakoa, orain arte Baskonia izan da kontzentratuen hasi den taldea, eta hori dela eta dago hor goian. Guk berriz, partida batzuetan hutsune nabarmenak izan ditugu alor horretan eta horrek partidu berdindu asko galtzera eraman gaitu”.

Kategoria salbatzeko usteei erreferentzia eginez, mutilen gaitasun eta haien jokoan sinisten dutela adierazi du entrenatzaileak. “Konfiantza eta lehen aipaturiko kontzentrazioa izango dira gure ustez datozen 4 partiduak irabazteko gakoa. Tamalez, berdinduta gauden taldeetariko batekin average-a galduta daukagu, eta horrek esfortzu extra bat eskatuko digu. Hala ere, guk gurean jarraituko dugu”, azaldu du zehazki.

Belaunaldiaren inguruko iruzkina izan dugu ardatz jarraian. Bi belaunaldiko gazteekin aritzeaz gain, urte hasieratik hona hainbat jokalariren aldetik nabaritu izandako hobekuntza azpimarratu du Peruk batik bat: “Bi belaunaldiko taldea dugu: lehenengo eta bigarren urteko kadeteak. Oso ezberdinak dira beraien artean, baina talde modura ongi heztea lortu dugu. Gazteagoak izatean fisikoki lehenengo fasean asko sufritu genuen, baina bigarren fase honetan denek (lehenengo eta bigarren urtekoek) eman dute aurrerapauso handia eta horrek nabarmen hobetu du gure jokoa”.

Azkenik, entrenatzaile moduan egunerokoan bete behar dituen jarduerez hitz egin digu, bere anaiarekin lan egiteak eskainitako esperientzia goraipatuz: “5 urte daramatzat nire anaia Txaberrekin entrenatzen beste kategoria batzuetan, eta horrek segurtasun eta konplizitate maila handia ematen digu entrenatzerako orduan. Horrez gain, jokalari bezala biok jokatu izan dugu Euskal Ligan eta hori beti da lagungarria. Hala ere ezberdina da jokoa zelai barrutik edota kanpotik ikustea, eta are gehiago zuzentzea. Urte hasieran beldur eta ilusio nahaste bat izan genuen halako talde bat entrenatzeko aukera eman zigutelako, eta hasieran kostatu zitzaigun kategoria honetara moldatzea, baina pixkanaka-pixkanaka bide onetik goazela uste dugu”.