MENU
  • BB-ANDORRA-6
  • BB-ANDORRA-5
  • BB-ANDORRA-4
  • BB-ANDORRA-3
  • BB-ANDORRA-2
  • BB-ANDORRA-1

Mutil-taldeak pozaren iturburu

(argazkiak: Dani Álvarez)

Neskak izan ohi dira gertaera pozgarriak helarazten dizkigutenak. Kontraldetik, asteburu honetan mutilak izan dira albiste positiboen protagonista.

83-72 garaitu zuen Bilbao Basketek Morabanc Andorraren aurka. Funtsezkoa, oraindik aurrera helburua play-offak jokatzea izanik. Orekatua izan zen partidua, bilbotarrek hirukoekin nabarmendu arte. Andorrakoak ez zuten inolaz ere erlajaziorako tarterik eskaini.

71-55 galdu zuten gernikarrak Uni Ferrolen kontra, eta honekin batera zailtzen zaizkie play-offetan sartzeko aukerak. Ongi hasi ziren bisitariak Gisela Vegaren puntuekin, baina laguntza-falta nabari izan zen erasoan. Ostera, indartsuago aritu ziren defentsan galiziarrak eta oso okerrak ziren Lopezen nesken kanpoko jaurtiketen portzentajeak (1/13 hiruko). Amaiera berdindu batekin iritsi arren, -11 minutu falta zirela 44ko berdinketa erakusten baitzuen markagailuak-, lokalen bi hiruko erabaki zuten lehia. Pibot argentinarraren MVP-ak izan ere ez zuen kontsolamendu askorako balio izan.

71-76 irabazi zuen Ametx Zornotzak aurkari eta kantxa deseroso batean. Kontzentrazioa mantendu zuen taldeak partiduan eta Wolfen itzulerak lagundu zuen. Azkenean, Arrutiren egintzek eta Nkaloulouren jaurtiketa ireki batek zornotzarren alde bideratu zuten lehia.

20 puntugatik galdu zuten galdakaoarrak Al-Cáceresen kontra, 84-64, urteko irteera konplexuenen artean, liderrak bisitatzen baitzituzten. ongi aritu ziren barne-jokaldietan lokalak, baita kanpoko jaurtiketetan ere (10/20 hiruko) Estitxu Ibarretxeren nesken ahaleginak zapuztuz.

Azkenik, Santurtzik Estela irabazi zuen 80-70- Funtsezkoa kasu honetan beste behin play-offen borrokari begira-, average partikularra eskuratzeaz gain. Ardoyk Piélagosi irabazitako partiduarekin batera, lau talde daude orain kolidergoan (13-4ko balantzearekin). Argi zituzten ideiak erasoan Imanol Adanen jokalariak, eta serioki ibili ziren ere defentsan. Gakoen artean, saskitik gertu Torresek izandako ebazpen-gaitasuna da azpimarratzekoa. Erreakzionatzen saiatu ziren kantabriarrak, Riley Stocktonen nagusitasunari esker hein handi batean. Horrek mantentzen zuen bestetik santurtziarren tentsioa. Amaieran, banakako puntu batzuk erabaki zuten norgehiagoka marineruen alde.