MENU
  • SASKI-EUSK---JUEGO
  • SASKI-EUSK---PANORAMICA
  • SASKI-EUSK---TROFEOS2
  • SASKI-EUSK---TROFEOS

Inoiz baino parte hartzaile gehiago Begoñazpi Ikastolako V. Saski Euskara Egunean

Joan dan abenduaren 29an, martitzenean, Begoñazpi Ikastolak bere V. Saski Euskara Eguna ospatu eban, Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren laguntza dauan saskibaloiaren eta euskararen jaia. Bilboko Begoñazpi Ikastolak saskibaloian euskararen erabilera sustatzea dau helburu, eta gauzatzen dauazan ekintzen artean, aurten bosgarren edizioa dauan Saskibaloi Txapelketa dogu.

 

Aurten, Federazioaren laguntzagaz gain, Begoñazpi Ikastolak Evolution Sports kirol enpresaren; BizkaiaBasket Fundazioaren; Bilbao Basket, Gernika KESB, Zornotza ZST kluben; TeleBilbao eta Radio Nervionen laguntza izan dau. Antolakuntzan Begoñazpi Ikastolako irakasleek, ikasleek eta ikasle ohiek eta Evolution Sports kirol enpresako arduradunek eta entrenatzaileek lagundu dabe.

 

Bizkaiko bazter ezbardinetatik etorritako 33 taldek parte hartu eben, guztira Bizkaiko 300 neska-mutilek saskibaloiaren eta euskararen jaiaz gozatzeko parada izan ebelarik. Algortako San Nikolas; Bilboko Artxandape, Intxixu, Kirikiño eta Urretxindorra; Galdakaoko Eguzkibegi; Gernikako San Fidel eta Seber Altube; Leioako Betiko eta Loiuko Lauro ikastolak eta Basauriko San Jose ikastetxea izan dira aurten Begoñazpi Ikastolagaz batera bat egin dabenak, orotara goiz eta arratsaldez 50 partidu jokatuz. Goizean aurre-mini 3×3 eta mini txapelketak jokatu ziran, guztira lau taldez osatutako 5 txapelketa jokatuz. Arratsaldean, mini neskak 04 eta haur kategoriako mutilen nahiz nesken txanda heldu zan.

 

Goizeko Sari banaketan, Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren presidentea dan German Monge eta Begoñazpi Ikastolako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasketa burua dan Nerea Bilbao izan ziran sariak banatzen. Maila bakoitzeko irabazleek kopa bana irabazi eben, eta horrez gain, kategoria bakoitzeko lehenengo bi sailkatuetako jokalari onenek eta KAO txapelketako irabazleek saria jaso eben. Aurten lehenengo aldiz, ikastolako aretoan ekintza berezia antolatu zan, Bizkaiko saskibaloiaren eta euskara terminologiaren galdetegi bat bete behar izan eben. Parte hartzaileen artean be sariak egon ziran. Sari banaketaren amaieran, Bilbao Basketeko jokalariek sinatutako baloi bi zozketatu ziran.