MENU
EBA-STZI-PAS

Asteburu positiboa elitean dabiltzan taldeentzat

Lau  garaipen izan ditugu pasa den asteburu honetan, seitik alegia. Zentzu horretan, gainera, mota guztietakoak: sufrimenduz garaitu zuenh esaterako Bilbao Basketek, bihotzekoa santurtziarrek lortutakoa edota lasaiagoak Gernika Bizkaia eta Ametx Zornotzarena.

Dominion Bilbao basketekin hasita, honek bost puntuko diferentziaz baliatu zen Manresa irabazteko, 67-72. Jomuga, Koparako sailkapena lortzea zen eta hala suertatu. Deseroso azaldu zen beste behin ere talde osoa bisitari moduan. Partidu berdindua oro har, zeinean Mumbrú eta Raúl erabakigarri izan ziren azkeneko minutuetan.

2016ko lehen garaipena lortu du bestalde Gernika Bizkaiak CREF ¡HOLA! madrildarren aurka, 50-88. Defentsa itogarri, baloiaren zirkulazio oso ona, barneko mugimenduetan indartsu eta kanpoko jaurtiketetan eraginkor. Primerako lehia azaldu zuten gernikarrak horrela, non eta Gisela Vega saritu zuten jardunaldiko MVParekin, 44ko balorazioa egin ondoren. DEnboraldiko hamargarren garaipenak sailkapenean goian jarraitzea ahalbidetzen dio taldeari. Hainbat zale gerturatu ziren Madrilera jokalariak animatzeko.

Bidaideak BSR-k ordea ezin izan zuen garaipena lortu gutxigatik AMFIV Vigoren kontra, 80-72. Aurreko itzulian Txurdinagan jokatutako antz handia izan zuen, baina kasu onetan norgehiagoka berdindu zuten galiziarrek bi segundo falta zirenean soilik eta luzapenean irabazi egin zuten azkenik.

Bestalde, 74-56 irabazi zuen Ametx Zornotzak Valladoliden aurka etxean. funtsezkoa, seguru asko play-offak jokatuko dituen taldea baitziren bisitariak. Bigarren laurdena izan zen erabakigarria, batik bat Charles Nkaloulou eta Wolfek aro azpian eta errebotean aurrera eramandako lanari esker.

Araski gasteiztarren aurka galdu zuen Ibaizabalek, 74-51. Lehenbiziko bi laurdenetan ondo aritu arren, azkeneko biek beste kolore bat marraztu zuten lokalei mesede eginez. Nolabait hustu ziren galdakaoarrak eta ezin izan zuten etxekoen nagusitasuna gainditu.

Azkenik, Santurtziren garaipena dugu, puntu bakan bateko diferentziaz, 80-79. Liderraren bisita jasotzen zuten santurtziarrak eta gaizki hasi arren, berehala estutu zuten defentsa eta baloiaren zirkulazioa nabarmen hobetu zen. Hala ere, atsedenaz geroztik 16 puntuko errenta bereganatu zuten berriz Pielagosekoek. Ordea, euren jokalari bat lesionatu eta erritmoa hartu zioten beste behin ere lokalek partiduari. Azkenean, 2+1 bati esker irten ziren garaile.