MENU
MARIO-OLAETA

LFn debutatu egin du Ane olaetak, historian jokalari bizkaitar gazteena

Zorionez, hainbat izan dira azken bost urteotan LFn debutatu duten jokalariak, izan ere azkeneko bi hamarkadetan baino gehiago. GDKO Ibaizabalek hasieran, eta ondoren ere Gernika Bizkaiak estatu-mailako saskibaloiko maila altuenean lortutako presentziari esker izan da gehienbat. Ane Olaeta izan da historian debutatu duen jokalari bizkaitar gazteena (16 urte, 7 hilabete eta 20 egun – 13-05-1999an jaioa), Gernika Bizkaia taldearekin hain zuzen. Ainara Ramasco, Miren Agirregoikoa, Judith Monasterio, Irati Zabalo, Yaiza Lázaro, Araia Peña, Izaskun García, Maite Mugira eta Alicia Alonsoren zerrenda osatu du oraingoan Anek.

Aurreko urtean dagoeneko lanean aritu zen gernikarrekin Olaeta, eta honakoan emandako zirkuntstanziak direla eta, (elur-baldintza okerretan baitzegoen Ross AEBetan eta hainbat gaitzetatik berreskuratu beharra dago oraindik Izaskun Garcia bestalde), bere momentua iritsia zela erabaki zuen pasaden egunean Mario Lopez entrenatzaileak Mann Filterren aurka aritzeko.

Hala azaldu zuen antolatzaile gernikarrak prozesua, baita poza adierazi ere, taldearekin bidaiatuko zuela jakitean: “Urtarrilaren 1ean entrenamendua haiekin egin behar nuela esan zidan Mariok. Jarraian, astebururako planez galdetu eta nik euren partidua ikusteko Zaragozara joatea pentsatua nuela azaldu nion. Orduan aitortu zidan jokatuko nuela”. Benetan hunkigarria izan zen une hura harrobiko Ane Olaeta jokalariarentzat, baina ez bakarra, ordea. “Oso asteburu berezia izan da. Aulkian egonda, Mariok aldaketa eskatu eta nire izena aipatzean izan zen Urduritasun gehien sumatu nuenean”. 2015/16 denboraldiko bigarren itzuliko lehenengo partiduaren 12. minutua zen hura, Stadium Casablancako pistan, Mann Filterren aurka. Horiexek izango dira seguru asko jokalari honek betiko gordeko dituen oroitzapenak.

Honako hauek izan ziren berriz partiduaren harira egindako adierazpenak: “Oso eroso sentitu nintzen kantxan, batik bat taldekideen laguntzari esker. Saskibaloian jokatutako minutu luzeenak egin zitzaizkidan eta nahiko nekaturik amaitu nuen egin behar izandako ahaleginengatik, nire ligako exijentzia ez baita hain altua”. Luzeak izanda ere, ondo aprobetxatu zituen jokatutako hamar minutuak, bai zenbait momentutan taldea gidatzen, baita hiruko bat eskainiz ere. Halaber, jokalaria zoriontsu da bizi duenaz geroztik: “Berezia da 16 urterekin estatu-mailako saskibaloiko kategoria altuenean –LFn- jokatu izana. Gutxik iristen dira hona arte, eta oso gazte debutatu ahal izan dut nik”.