MENU
  • GDKO-QAZERES3
  • GDKO-QAZERES---ESTHER
  • GDKO-QAZERES---AINARA

Kutx ala pil? Tamalez, balantzea ez da oso positiboa izan. Kutx irten zaie Bidaideak eta Santurtziri, pil beste guztiei

Harrigarria asteburuko FEB txapelketetan jarraitzaileek bizitako amaiera arteko emozioa norgehiagoka guztietan. Azkeneko segundoetan erabaki ziren emaitzak, eta horietatik bakarrik Bidaideak –luzapenean- eta Santurtzik –Tolosari puntu batez- lortu zuten garaipena.

104-111 galdu zuen Bilbao basket-ek Valentziaren aurka. Bada, beltzek ikuskizun ederra eskaini bazuten ere, etsipena jasan behar izan zuen taldeak arauzko 40 minutu eta bi luzapen igarota. Saskiratzailerik deigarriena Hanna izan zen bilbotarrei dagokienez, 22 punturekin.

Gernika Bizkaiak, bestalde, 63-71ko markagailua eskuratu zuen Gironaren aurka etxean, kontrakoa beraz. Harmailak publikoz beteta, liderraren bisita zela eta neska bizkaitarrei harrera beroa egiteko. Azken batean, gernikarrak nolabait kontrolatu ahal izan zuten Gray jokalaria, katalanen izarra, eta lokalen aldetik Jordanak ongi mantendu zuen erritmoa. Aldiz, azkeneko minutura iritsita, okerreko bi akzio defentsan eta porrota.

Bidaideak, esan bezala, Asier Garcíak sartutako hiruko potente batekin, luzapenera iritsi eta bertan indartsuago aritu zen partidua irabazteko. Vigo izaten zen aurkaria, eta hasieratik jokaldi argiagoak egin arren, ezin izan zieten amaierako bost minutu horietan jasandako orientazio ezari aurre egin.

Ametx Zornotzak 62, Fundación Lucentumek 70. Honetan ere, lokalak ez ziren benetan fin ibili. Aurreko partiduetan bezalaxe, hotz aritu ziren defentsan, -hasieran behintzat-, eta are gehiago hiruko jaurtiketetan.

GDKO Ibaizabalek, 49-56 galdu zuen maila-igoerarako faborito kontsideratzen den Al-Qázeresen aurka. Honekin batera, kolidergoan mantentzeko aukera bertan behera gelditzen da momentuz Estitxu Ibarretxek gidatutako taldearentzat. Primeran defenditu zuen Extremadurako taldeak, eta Ibaizabal gaizki ibili zen bi puntuko jaurtiketetan, soilik 2-14 bigarren laurdenean.

Azkenik, Santurtzik 66-65 irabazi zion Tolosari, sufrimendu ugarirekin. Hasierako eraso-arazoak konponduta, defentsakoak etorri zitzaizkion gainera moreko taldeari. Zorionez, Lander Lasak ondo asmatu zuen jaurtiketa gehienetan eta erabakigarria izan zen nolanahi ere Joseba Iglesias.