Saskibaloiko Munduko Kopa Bilbora iritsi da | Federación Vizcaína de Baloncesto – Bizkaiko Saskibaloi Federazioa | Todas las informaciones del baloncesto vizcaíno federado y escolar. Bizkaiko Saskibaloi federatuaren eta eskolaren berri guztiak hemen
MENU
Naismith Cup Bilbao

Saskibaloiko Munduko Kopa Bilbora iritsi da

Euskadi dagoeneko FIBA 2014 Saskibaloiko Munduko Koparen giro eta emozio guztia bizitzen ari da. Izan ere, gaur bertan Bilbora iritsi da Naismith Kopa, txapelketaren irabazleek eramango duten garaikur mitikoa. Sari preziatua gaur aurkeztu dute Foru Jauregian José Luis Sáez Espainiako Saskibaloi Federazioko presidenteari egin dioten harrera ofizialean. Harrera horretan, hauek izan dira: José Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia; Ibon Areso, Bilboko alkatea, eta Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua.

Saskibaloiko talde eta jokalari guztiek lortu nahi duten Naismith Kopa 1967ko Munduko Txapelketan eman zen lehen aldiz, eta saskibaloiaren asmatzailetzat jotzen den James Naismith-i eginiko omenaldia da. Koparen diseinua Nazioarteko Saskibaloi Federazioko (FIBA) lehenengo idazkari nagusia izan zen Renato William Jones-ek iradoki zuen. Kopa honen diseinuaren jatorria Nilo ibaitik eginiko bidaia da. Bidaia horretan, Jones txundituta geratu zen Karnak-eko tenpluko zutabe dotore batekin. Horren kapitelak loto-lorearen irudia zekarren gogora.

Grezian egin zen 1998ko munduko txapelketan, garaikurraren beste diseinu bat egin zen. Kopa estilizatu egin zen, eta lepoaren inguruan dekagono bat sartu zen. Eremu horretan, bost kontinenteetako mapak daude irudikatuta, harribitxiekin. Harribitxi horiek beltzak, horiak, berdeak, gorriak eta urdinak dira. Garaikurraren oinarria marmol arrosakararekin (porrino arrosa) eginda dago, eta alboetan saskibaloiaren sortzailearen abizena ageri da, karaktere latindar, arabiar eta txinatarretan, bai eta Egiptoko hieroglifikoetan ere. Bederatzi kiloko pisua dauka, eta 47 cm garai da. Kopa lehen kalitateko zilarrez eginda dago, eta barrualdeak 14 kilateko urrezko bainua dauka.

Naismith Kopa Bilbao-Bizkaia Turismo Bulegoan ikusgai egongo da abuztuaren 20tik 24ra bitartean, biak barne, 9:00etatik 21:00etara. Duda barik, aukera paregabea da saskibaloi zale guztientzat, kirol-ekitaldi honetan parte hartuko duten hogeita lau selekzioek lortu nahi duten garaikurraren alboan argazkia atera ahal izango dutelako.