MENU
  • SASKI-EUSK-EGUNA3
  • SASKI-EUSK-EGUNA2
  • SASKI-EUSK-EGUNA

Begoñazpi Ikastolako VII. Saski Euskara Egunean, euskarari bultzadea emonez

Joan dan urtarrilaren 3an, eguaztenean, Begoñazpi Ikastolak Evolution Sports kirol enpresagaz batera bere VII. Saski Euskara Eguna ospatu eban, Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren laguntza dauan saskibaloiaren eta euskararen jaia. Bilboko Begoñazpi Ikastolak saskibaloian euskararen erabilera sustatzea dau helburu, eta gauzatzen dauazan ekintzen artean, aurten zazpigarren edizioa dauan Saskibaloi Txapelketa dogu.

Bizkaiko hainbat lekutatik etorritako 24 taldek parte hartu eben, guztira Bizkaiko 250 neska-mutilek saskibaloiaren eta euskararen jaiaz gozatzeko parada izan ebelarik. Algortako San Nikolas; Bilboko Artxandape, Kirikiño eta Urretxindorra; eta Gernikako Seber Altube ikastolak; eta Basauriko San Jose ikastetxea izan dira aurten Begoñazpi Ikastolagaz bat egin dabenak, orotara goiz eta arratsaldez 30 partidu jokatuz.

Goizean aurre-mini (LH 3-4) eta mini (LH 5-6) txapelketak jokatu ziran, guztira lau taldek osatutako 4 txapelketa jokatuz. Horrez gain, saski eskolako (LH 1-2) neska-mutilek Kirikiño Ikastolako ikasleakaz batera, saskibaloi hastapeneko hainbat ekintzataz gozatzeko abagunea izan eben. Arratsaldean, haur kategoriako (DBH 1-2) nesken txanda heldu zan. Orotara, goiz eta arratsaldez 30 partida jokatu ziran. Maila bakoitzeko irabazleek garaikurra jasotzeaz gain, parte hartzaile guztiek domina bana jaso eben. Lehen bi sailkatuetako jokalari onen biek eta KAO txapelketako irabazleek be jaso eben saria.

Aurten be, aldi  berean antolatu da Saski Quiz lehiaketa, parte  hartzaileek, Bizkaiko saskibaloiaren eta saskibaloian erabiltzen dan euskerari buruzko galdetegia bete behar izan dabe. Arratsaldeko parte hartzaileek, aldiz, bakarkako teknikako zirkuituko txapelketan parte hartu eben. Sari-banaketen amaieran, Saski Quiz eta zirkuituko parte hartzaile guztien artean Bilbao Basketeko jokalariek sinatutako baloi bi eta Bilbao Basket ikusteko lau sarrera zozketatu ziran.

Antolakuntzan Begoñazpi Ikastolako ikasleek eta ikasle ohiek eta Evolution Sports kirol enpresako arduradunek eta entrenatzaileek lagundu eben. Kirol festa honen baliabiderik preziatuena dira; egun osoan zehar zeregin ezbardinak gauzatu eta banatu ebelarik. Bestalde, Federazioaren laguntzaz gain, Begoñazpi Ikastolak Guraso Alkartearen, Landaburu Kirolak dendaren, BizkaiaBasket Fundazioaren, Bilbao Basket eta Gernika KESB kluben laguntza izan dau.